I Concurso África cuenta (Ganador en euskera)

Ortzadar bihur nadin

Autor: David Tijero Osorio

Gaueko hotsak desagertuz doaz egunsentiko haize gozoa esnatu bezain fite. Bolada leun batez garbituko ditu distirak izartegitik, ilbetea begira egongo ez dagoenean.

Gaur ere eguzkia dakar. Gaur ere hodei arrastorik ez dut izango miresteko. Ez dizuet esango egun polita izango ez denik baina noizbehinka hain aspergarriak izaten dira egun osoan zehar garbi irauten duten zeru horiek…

Zeru oskarbia izanen da beraz, ekialdetik jaio izango dena; minutu gutxitan, gauaren beltz argitsutik urdineraino bilakatuz joango da espektroaren gorri oro tindatuz tarte infinitesimal batez, eguneroko azul sakonean gelditu arte.

Bien bitartean, eguzki laranja erraldoia, jada hain zuriak ez diren hodeiertzeko mendien artean agertuko da, eta lipar batez, elkarri egingo diogu so, elkarrenganako errespetua adieraztekotan, bizitza eman izana eskertzeko, haren semeaz harro dagoela printza itsugarri baten bidez esateko. Orduan bakoitzak bere egin beharreko ibilbideari ekingo dio.

Eguzkiak, astiro-astiro, baina zehatza, aztarna errea utziko du zeru urdinean, idiak arrasturiko goldeak lur emankorretan aztarna uzten duen bezala. Arratsaldearen bukaeran jaio ohi den oihal beltzak begidunak garenoi arbuiatutako margodun gauzak etengabe oparituko dizkigu, ezarian-ezarian, bultzatu nekatu eta desagerrarazi arte.

Beste egun luze bat igaroko da orduan, bata bestearen atzetik joaten dira, halaxe izan da gogora dezakedanetik, nire arbaso guztiek gogora dezaketenik. Milaka egun eta egun bizi izan dut, ia berdinak, baina beti ezberdin eta errepikaezinak. Aldaketa txiki bereizgarriak, oroimenean pilatuta daude, eta material abstraktu batean kondentsatuz doazenak, neure bizitza edo neure iragana eraikitzeko.

Eta aldaketa txiki horiek dira nik bahitu nahi ditudanak mihisean. Hauxe da eta nire bete beharreko ibilbidea, zoriontsu egiten nauena. Neuk aukeratua delako izango dela suposatzen dut. Jaungoikoek bizitzan erreserbatuta ninduten patua omen da. Sinetsi nahi dut haiek direla neure bidez margotzen dutenak eta esku zahar hauek bitartekari hutsak direla.

Betidanik ekin diot margotzeari. Txikitan, ibai ondoan aurkituriko harri bigunekin enborrak eta harkaitzak zikintzen nituen. Oroitzen dut nola aitonak esaten zidan margo haiek gizaki baten bizitza iraun zezaketela eta egia zen, zeren horietariko batzuek iraun diraute,…, ezta lurralde hauetan oso ohikoak ez diren euri zaparradek ere ezin izan dituzte borratu.

Etxeko kutxa batean gordetzen ditut emazteari egiten nizkion margoak gazteagoa zenean. Inoiz ez dut ahaztuko nola barre egiten zuen haiek ikustean. Horrelakoa ez zela esaten zidan irribarretsu. Ez zela margoak bezain ederra, alegia. Holako gauzak baino ez ditut gogoratzen nire emazteaz. Ahaztea lortu nituen bere azkeneko urteak, gaixotasunak kontsumituz joana zenean.

Gaur egun, emaztea urrun, harekin noiz bilduko naizen zain eta seme-alabak ere jarraitu beharreko ibilbide propioan hasi berriak, margolaritza dut lagun bakarra egun osoan zehar. Halaxe izan da azkeneko hilabete hauetan. Nire inguruan dagoen ia guztia marraztu dut, zuhaitz zimelduak, ilunabarreko laiotza, herriko etxola koloretsuak, katukien begirada distiratsua, baita hodeiertzaren uniformetasuna apurtzen duten xehetasun ñimiño horiek ere, eta gutxitan, oso gutxitan tamalez, gure gaineko zeru urdinean osatzen diren hodeien forma zoragarriak, beharbada . Ez da oso ohikoa hodeiak eratzea gure buruen gainean eremu lehor hauetan, nik nahiago ditut goizeko argiak gorriz eta morez tindaturikoak eguerdiko zuriak baino. Askotan, seme-alabak txikiagoak zirenean, esnatu egiten nituen egunsentia ikus zezaten hodeiren bat azaltzen bazen goizeko zeruan. Esan behar dut esnatzen nituen bakoitzean nirekin haserretzen zirela hain goiz altxarazteagatik baina hodei ikaragarri haiek ikusi bezain laster, isil-isilik geratzen ziren, aho bete hortz ikuskizun haren aurrean. Behin baino gehiagotan aprobetxatzen nituen ume haien aurpegi harrituak margotzeko. Apunte azkar batzuk hartzen nituen egunean zehar hobeto osatzeko. Urte batzuk geroago, alaba txikienak, emakume eginda dagoeneko, esan zidan margo horiek egin dakiokeen edozein argazkirik baino politenak zirela. Ez dakit egiatan esan zuen ala ez, bakarrik esan dezaket oso gutxitan izan naizela une horretan bezain zoriontsu.

Eta garai honetara helduta, emaztearen bisai gazte eta maiteminduta margotu eta gero, seme-alaben aurpegi harrituak, egunsentiak argituak marraztu ondoren eta neure inguruko ia guztia mihisean bahitu ostean, marrazteko gutxi falta dudalakoan nago.

Hodeiak marraztea gustatzen zaidala esan berri dut. Ziur aski hemengo zeruetan ikustea oso ohikoa ez delako. Are arraroagoa izaten da hodei horiek dakarten zama euria bihurtuta askatzea. Bospasei aldiz baino ez dut ikusi euria egitea neure bizitza osoan, eta haietariko bakoitza oroitu egiten dut. Euriak bisitatu gaituzten bakoitzean, herriko lagunak etxeetatik irteten dira euripean pozaren pozez dantza egiteko. Behin, oso gaztea nintzela, euria margotzen saiatu nintzen baina alferrik izan zen. Konformatu behar izan nuen herriko biztanleen dantzaldiarekin. Beti bezala, apunte azkarrak hartu nituen hurrengo asteetan lana lasaiago amaitzeko baina bat-batean, txundituta utzi ninduen zerbait ikusi nuen. Euria atertu zuenean, eguzki izpi batzuk irazi egin ziren hodei beltzen zirrikitu batetik eta une hartan ikusi nuena sekula ez dut ahazterik izango. Milaka koloretako arku zoragarria, itzela! Zur eta lur geratu nintzen zerura begira. Ezin nuen sinetsi hain gauza ederra existituko zenik.

Aitonarengana joan nintzen kontatzera bera ere harrituko zelakoan. Zerua margoturik zegoela esan nion eta lasai-lasai irten zen ikustera baina ez nuen oso harriturik igarri. Ortzadarra zela esan zidan, ura eta argia nahasten zirenean sortzen zen zeruko arkua. Zerbait magikoa zela iruditu zitzaidan. Eta beste bospasei aldiz euria ikusi badut ere, ezin izan dut berriz ere ortzadar delako arku margodun hura ikusi, nahiz eta ekaitzak zurrundutako zeru iluna arakatu euria ekarri zuen aldi guztietan.

Egindako margo askotan arku hura marraztu dut paisaiako zeruan baina inoiz ez dut eskuratu mihisean bahitzea margotzen ditudan gauzak bezala. Ez naiz gauza izan. Badirudi jaungoikoek ez didatela lagundu nahi kontu horretan edo nire eskuak erabili nahi ez dituztela. Neure kabuz egin behar izaten dut baina margotutakoak ez nau asetzen, badakit beste bat aurkitu behar dudala jaungoikoek eraman nazaten, mihisean bahitzeko kolore itzel horiek.

Horrexegatik egun eguzkitsua ekartzen duenean tristatu egiten naiz nahiz eta egun ederra izango dela jakin. Tristatu egiten naiz ortzadarrik ikusiko ez dudalako, jaungoikoek ez dutelako margotuko neure eskuen bidez arku margodun hura. Hau dela eta egun ilunaren aiduru bizi naiz, euria dakarten hodeiak dakartzan eguna iluna. Ilundu baino lehen atertuko duen euria, hodei zirrikituen artetik eguzki izpiak atera daitezen, ortzadarra piztuko duten eguzki printzak. Eta une hori heltzerakoan, prest egongo naiz jaungoikoek nire eskuen bidez margo dezaten bizitzan behin ikusi dudan arku margodun hura, mihisearekin bat egiteko koloreak pintzeletik askatu heinean, desagertuz pixkanaka-pixkanaka, mihisearen zuria modura margoa eratu ahala, neure burua ortzadar bihur dadin, neu ere zeruan betiko bizi nadin.

Relato ganador de la I Edición del certamen de Relato África cuenta.